XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

ALTUBE JAUNAREN KEZKA NAGUSIAK EUSKERARI BURUZ.

IZKERAK ZAINTZEKO OIN ARAUAK

Edozein pentsalari edo idazleren puntu xee edo partikular bat aztertzen asi aurretik, betiere komeni da aren pentsakera osoa, bere zabalera guztian, ezagutzea; onek argitasun aundia egozten baitu okeilluetako zoko-moko guztietara.

Puntu mear eta partikularrak pentsakera jeneraletik artzen dute beren esanai berezia.

Eta nik ere orixe egin nai det Altube'ren iztegi-iritziak azaltzen asi baiño leen.

Gain begiratu bat eman, alegia, aren kezka nagusiei, euskerari buruz tinko eta sakon biotzean sarturik zeuzkan ideia nagusiei.

Ideia edo puntu nagusi auek ia bere idazlan guztietan nabari dira, baiña nik aren sarrera-itzaldiari jarraikiz azalduko ditut.

Ona emen bospasei puntutara bilduak: I. Euskeraren bizitza.

Au da, ezpairik gabe, Altube jaunaren leenbiziko kezka, kezka nagusia, etengabe eta nunai bere lumara agertzen dana.

Izkuntzak itzegiteko dira, ezpaiñetan erabilliak izateko.

Idaztea, liburuak egitea, literatura apain eta dotore bat izatea, ori gaiñetiko gauza bat da, itzegitearen gaiñetik eta urrengo datorrena.

Amaika izkuntza bizitu izan dira eta iraun dute itzegite utsarekin, sekula idatziak izan eztirala; baiña itzegiteari utzi ezkero, eztago izkuntzarik.

Idatzi bai ta itzegin ez, ori da eriotzako bidean sartzea.

Eutsi dezaiogun, ba, gauza guztien gaiñetik euskera biziari, ao-euskerari, ezpaiñetakoari.

Gure idazle eta euskalari askori badirudi orrek eztiela asko ardura.

Ikusten dute euskera geroago eta gutxiago itzegin oi dala, galduaz dijoala ta ala ere uste dute orrek eztuala ainbesteraiñoko garrantsirik.

Berak, bospasei liburu, berak asmatutako euskera moduan idatzi ezkero, lasai gelditzen dira.

Eztezagun aaztu izkuntzen eriotza, beti betiko eriotza izan oi dala.

Bein illez gero, eztago izkuntza bat atzera berpizterik.

Or dago Irlanda-ren ikaspidea.

Askatasuna ba-dute, eskolak eta nai duten guztia ere bai; saiatu dira, baiña alperrik, eztute ezer lortu.

Erriak bein izkuntza galdu ezkero, eztu atzera artzen.

Or geldituko da, bai, liburuetan, ikasiko dute zaletu batzuk, beste edozein ikaskizun ikasten dan bezela, idatzi ere egingo dute bearbada beste zaletu batzuentzat baiña izkuntza illa izango da betiere, eta orrek ni ez nau asetzen (bein baiño geiagotan entzun nizkion itz auek).